II. Nazioarteko dialektologia biltzarretik eginiko bigarren saioa entzungai

Euskaltzaindiak antolatutako Nazioarteko dialektologia biltzarretik bigarren eguneko saio berezia duzue entzungai. Miriam Urkia euskaltzainarekin hitz egin dugu.  Berriki hiztegiari egindako eguneraketaz 466 sarrera eta 392 azpisarrera berri arautu ditu Euskaltzaindiak; alegia, 858 forma berri. Horiekin batera, beste 462 sarrera moldatu dira. Esaterako, bokata edo manifa bezalako hitzak arautu dira berriki. Euskalkien ekarpenari dagokionez “urdaiazpiko” euskalki markarik gabe dago jarrita hiztegian baina eskualde zehatz batzuetan bakarrik esaten da. “Pernil”, aldiz, bizkaiera markarekin dago baina Nafarroan ere erabiltzen da. Tokiko lexikoa arazorik gabe erabil daiteke batuan, ondo idatzita dagoen bitartean eta batueran araututako idazkera eta aditzak erabiliz gero. Tabuak kendu dira, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bilatu da iraingarriak diren adiera batzuk identifikatuta. Garatutako hitzak eta adierak ere aipatu ditu Urkiak, “jazarpena” bezala, adiera berriak azaltzeko moldatutakoak. Era berean, “garatu” “arbigara” hitzetik datorrela gogora ekarri du.

Deskargatu hemen.

Labayruren hiztegigintza hizpide izan dugu ondoren, Ziortza Egurenekin. Sartaldeko hizkera batu eta batuerarekin uztartzeko asmoa du Labayru hiztegiak. Ahozkotasunaren ekarpena da, idatzizko tradizioarekin batera, lexiko iturri nagusia Labayruren hiztegigintzan. Hitzak hiztegian bultzatzeko modukoak diren kontutan hartzen dute. Egurenek esan digunez, azken urteotan ahalegin gehiago egin da eredu batuan euskalkietako formak jasotzeko. Ikastetxeetan oinarrizko lexikoan ere, arinago ikasten dute “sukaldea” esaten, ahaztuta gurean “eskaratza” edo “sutea” formak ere badauzkagula. Euskaltegietan ere, ikasten den eredua Bizkaiko hiztun euskaldun zaharrek erabiltzen duten eredutik aldendua da.

Deskargatu hemen.

Beste bi gonbidatu hurbildu zaizkigu ondoren, Erramun Osa euskaltzain urgazle eta biltzar honen antolatzaileetakoa. Euskaltzaindiaren mendeurrena izan dugu hizpide Osarekin, urtea ekitaldiz beterikoa suertatzen ari baita. Irailean hasi zen Euskaltzaindia mendeurrenaren harira ekitaldiak antolatzen, Baionako Herriko Etxean hasi eta Arantzazun antolatuko erakusketarekin jarraituz, eta datozen hilabeteotan beste asko etorriko dira.

Lizarragarengandik hasita, eredu bateratuaren aldeko ibilbidea ekarri du gogora Osak, eta Gabriel Aresti bilbotar idazlea Arantzazuko bilkuraren bultzatzaile nagusietakoa izan zela azpimarratu du. Euskalkiek eta tokian tokiko aldaerek eredu bateratu eta finkatuan duten eragina nabarmendu du Osak. “Nazioartean azpimarratzen dute eredu bateratua izateak hizkuntza baten biziberritzean izaten duen eragina”. “Euskararik txarrena erabiltzen ez dena da”, gogoratu du Osak. “Batuera ez dator tokian tokiko aldaerak ahultzera. Garrantzizkoa da etxean belaunaldiz belaunaldi transmititu den horri eustea”, gehitu du.

Deskargatu hemen.

Aritz Abaroa izan dugu gaurko laugarren eta azken gonbidatua. Herri hizkeren atlaseko teknikari ibili da Abaroa, datu harrigarriak dituen proiektu erraldoia: 3000 galdetegi 319 lekuko 145 herri eta auzotan ibili dira, 2830 galderako galdetegia izan da eta 5857 orduko grabaketen corpusa sortu da elkarrizketa horietan. Gaurkoan Pilar Garcia Mouton hizlariak esan duen moduan, hizkuntza atlasak ez dira zaharkitzen. Izan ere, Abaroaren esanetan “Europako beste batzuekin alderatuta berandu dator (Frantziakoa 1902an hasi ziren egiten) baina ez beranduegi”. Testigantza errepikaezinak bildu dira, tokian tokian, Abaroak esan duenez: “Gaur leku horietan galdera berak egingo bagenitu emaitzak ez lirakete berak, denbora honetan tokiko aberastasuna galdu delako, lanabesei edo hainbat langintzari buruzko informazioa galdu delako”. Hamargarren liburukian garai bateko jokoak jasotzen dira, forma ezberdinetan gainera. Adibdez, erdarazko peonza Bizkaian tronpa esaten da baina beste leku batzuetan xiba, dantzari, txantxari, tupi… Beste adibide bat: Bolo jokoa nola esaten zen “boloetan olgau” edo ein esaten da, baina Nafarroan ez zuten ezagutzen. Iparraldean aldiz, bai, “firletan” moduan ezagutzen zen.

Deskargatu hemen.

Saio osoa entzungai

Saioa deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

IREKI GAIOLA: Prexuíxos e mentiras sobre a lingua galega, Xosé-Henrique Costas, Ezetaerre

lr. Mar 16 , 2019
Prexuíxos e mentiras sobre a lingua galega, a fala do Val do Ellas e aspiracións mínimas e urxentes. Todo isto e moito mais neste Ireki Gaiola xunto a Henrique Costas e o grupo de hip hop galego EZETAERRE. https://bilbohiria.com/docs2/2019/irekigaiola/190227_irekigaiola_kike_eta_ezetaerre.mp3 Deskargatu hemen. Galegoari buruzko aurreiritziak eta gezurrak, Extremadurako Ellas-eko haranean egiten […]

Honekin lotuak