Kolaboratzaileen agiria: “Bilbo Hiria Irratia, beharrezkoa den ahotsa”

3

Behean sinatzen dugunok Bilbo Hiria irratiko kolaboratzaileak gara. Bertatik bertara emititu eta Bilbo metropolitano  osoan entzun daitekeen euskarazko irrati bakarretakoa da Bilbo Hiria irratia, baina, aldi berean, pluraltasun eta  irekitasun handiko komunikabidea ere bada, zalantzarik gabe. Gu geu ere bagara horren isla; irratiak bizi duen momentu  latz honetan, hain zuzen ere, gure ahotsa ere entzunarazi nahi dugu.

Herri ekimenetik sortutako irratia da Bilbo Hiria; bertako langileek egunero erakusten dute euskara, kultura,  komunikazio eta informazioarekiko engaiamendua; aldi berean, entzutea baino ez dago euren profesionaltasuna  antzemateko, bai uhinetarako bertsioan eta bai Interneten eskegitzen duten programazio oparoan ere.

Kolaboratzaileok urteak daroatzagu (batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago) gure bizipen, hausnarketa, irizpide eta  balorazioak eskaintzen, ez beti nahi bezain zorrotz, baina beti Bilbo Hiria Irratiarekiko sentiberatasunarekin biziki  eskertuta. Ederki dakigu guk gure mezuek askotan ez dutela biderik topatzen komunikabide handi eta konbentzionaletan.  Entzuleekin han-hemenka ditugun kontaktuengatik badakigu, ondo jakin ere, jende askok eskertzen duela Bilbon eta  ziberespazioan jorratzen ditugun gaiei buruz entzuteko parada izatea.

Orain, berriz, Bilbo Hiria Irratia desagertzeko arrisku bizian dago, Bilboko Kafe Antzokian sortzen diren sosak baitira  bere diru iturri nagusia. Bai, Bilbo metropolitanoko euskaldunei Bilbo Hiria irratiak eskaintzen digun zerbitzu  publikoa Zenbat Gara Elkartearen ekimenetako bat da, beste asko bezala, Kafe Antzokian lan handiak eginez lortzen duten  diruarekin gauzatzen dena.

Horregatik dei egiten diogu egun Bilboko Kafe Antzokia ixteko mehatxua mantentzen duen Bilboko Udalari bertatik sortzen  diren kultura zerbitzu publiko ugariak mantenduz eta ostalaritza zerbitzu baten kasuan arrazoizkoak diren segurtasun  kontuak bermatuz akordio batera heltzeko bidea egin dezan, daukagun informazioaren arabera, uste baitugu  adostasun  horretara ailegatzea guztiz posiblea dela, borondate politikoa egonez gero, behintzat.

Honekin batera dei egiten diegu euskara, kultura, komunikazioa eta informazioa bermatu eta bultzatu behar duten beste  instituzio publikoei –hala nola Bizkaiko Foru Aldundia zein Eusko Jaurlaritzari- afera zail honetan zubi lanak egin  ditzaten, beti ere eskuragarria den akordio hori lortze aldera.

Bilbon, 2009ko otsailaren 6a

Sinatzaileak: Xabier Aierdi (EHUko irakaslea), Marie Agnes Gorostiague (Irulegi Irratia), Anartz Bilbao (GARAko  kazetaria), Luis Guridi (EHUko irakaslea), Alvaro Hilario (Kazetaria), Ainhoa Markinez (irakaslea), Txuma Murugarren  (Musikaria), Josu Zabala (musikaria), Txabi Landabidea (kazetaria), Mikel Asurmendi (ARGIAko kazetaria); Agus Pérez (Antzerki kritikaria), Mikel  Urbeltz (kultur kudeatzailea), Gotzon Hermosilla (BERRIAko kazetaria), Izaskun Larrabeiti (irakaslea), Agin Rezola  (kazetaria), Jon Miranda (Txolarre Irratia), Eleder Aurtenetxe (itzultzailea), Joxe Rojas (Topagunea), Ismael Manterola  (EHUko irakaslea), Patxi Gaztelumendi (Kazetaria), Galder Pérez (aktorea), Ane Zabala (kazetaria eta aktorea), Juan Carlos Etxegoien “Xamar” (idazlea eta ikertzailea) Jose  Luis Segura (EKAko prentsa arduraduna), Oier Iruretagoiena (musikaria), Josu Larrinaga (EHUko irakaslea), Hektor Ortega  (Kazetaria), Joseba Barandiaran (Ekonomilaria), Jojo Bidart (Irulegi Irratia), Arantza Madariaga (irakaslea), Jon Iñaki  Artetxe (postaria), Ane Aristi (Kazetaria), Pepe Aizpuru (Euskal Irratiak), Mikel Etxebarria (Radiokultura), Eneko  Olazabal (zinemagilea), Jabi Zabala (kazetaria), Ixidro Elgezabal (irakaslea), Mikel Bujanda (Euskalerria Irratia), Iñaki Barcena (EHUko irakaslea),   Lon Gorka Fernandez (musikaria), Pedro Elias Igartua (irakaslea eta kazetaria).

3 thoughts on “Kolaboratzaileen agiria: “Bilbo Hiria Irratia, beharrezkoa den ahotsa”

  1. Aupa Bilbo Hiriako lagunak. Entzuten dut batzutan zuen irratia eta asko gustatzen zaizkit programa batzuk, soinugela eta irratia.com batez ere.

    Ez nekien zuek mantentzeko Kafe Antzokiaren barratik ateratzen zela dirua. Orain arte ez zitzaidan gehiegi inporta Kafe Antzokian dirua gastatzea baina aurrerantzean askoz gustorago ordainduko ditut zerbezak, jejeje. Eutsi goiari!

  2. Nik uste dut oso garrantzitsua dela Bilbo Hiria Irratiak aurrera jarrai dezan, besteak beste honako arrazoi honexegatik
    Euskarazko komunikabide gutxi izanda, askoz gutxiago daude Bilbo Handian eta are gutxiago bertako euskaran. Eta euskaldunok -Ibaizabal ingurukook bereziki- behar dugu; bestela umezurtz geratuko baikara.

    Beraz, Eutsi!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

KINGSTON HIRIA: MOTOWN DISKETXEAREN 50garren URTEURRENA

ar. Ots 17 , 2009
Motown disketxearen 50garren urteurrena dela eta saio berezia egin dugu. Disketxea hau Detroit hirian sortu zen eta arrakasta handia eduki zuen Ipar Ameriketan eta Britania Handian, lehen zuriz beterik zeuden pop listak artista afroamerikarrez bete zituztelarik. Badakizue Jamaika Estatu Batuetatik hurbil dagoela eta heldu ziren hara ere Motown disketxeko soinuak, […]

Honekin lotuak