Aratuste Larunbatean saio berezia egin genuen Bilboko kale nagusitik, giro eguzkitsua eta jendetza batu zen Bilboko erdigunean. Sukalde erraldoia, umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa, eta beste hamaika ekintzek kolorez beteko zuten egun osoz Bilboko Erdigunea. Zuzeneko saioan hainbat gonbidatu izan genituen bertatik bertara. Saioa udaletxeko agintariekin abiatu genuen, Juan Mari Aburto eta Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko Zinegotziarekin.
Kopla txikien lehiaketarekin hasi ziren Bilboko aratusteak, duela hiru urte berreskuratu baitzuten kopla txikien lehiaketa. Aratusteen ospakizunetan aipatzen dira konpartsak lehen aldiz. 1515ean konpartsa batzuk “kopla txikiak” abesten eta txantxak egiten zituztela agertzen da jasota. Hiribilduaren kaleetatik ibiltzen ziren, dirua, txorizoa eta urdaia jasotzen zuten horren truke . Aurten Sin kuartel konpartsak irabazi du kopla txikien lehiaketa,” En Turquía me colé” kopla abestuta. Aitziber eta Irune Sin kuartel konpartsako kideak batu zaizkigu saiora.
Farolin eta Zaranbolas Bilbon 1984. urtean sortutako aratusteetako bi pertsonaia dira, eta bilbotarrei egokitzen zaizkigun ezaugarriak ordezkatzen dituzte. Farolin bilbotar farolero harroa da. Harrokeriarik gabeko harroa. Zaranbolas ondo bizitzearen eta bizipozaren ikur bilbotarra da. Elkarren osagarri dira; buru batek behar dituen aurpegi biak. Gainera, parrandazale amorratuak dira bai bata eta bai bestea. Aurten Eva eta Lorea Las tea Party dira Farolin eta Jon de Miguel Plaza Nueva tabernako ostalaria Zaranbolas. Hona hemen larunbateko saioan kontatu zigutena.
Ihauteri, inauteri, aratuste, karnabal, zanpantzar… modu askotara deituak izan dira mozorroz, musikaz, dantzaz, janariz eta edariz bustitako egun hauek. Euskal Herriko herri askotan ospatzen diren egunak dira, era ezberdinetan horien inguruan berba egin digu Xamarrek.
Denetariko sorpresak izan ditugu saioan, 2016ko Zaranbolas ere etorri zaigu, Galder Perez.
Kale nagusia eraldatu egin da aratusteetan, jana eta edana egon da. Bertoko produktuekin, esaterako Bizkaiko Sagardoarekin txotx egiteko aukera. Axpe sagardotegiko Jose Antonio Axpe izan da horren arduraduna, Lau mendez Axpe familia sagardo eta txakolinaren produkzioan ibili da. Gaur egun ikusi daitekeen sagardotegia 1996. urtean eraiki zen, eta bertan Bizkaiko sagardoa eta txakolina botilaratzen dira.
Saioa osoa entzuteko aukera bertan duzue.
Deskargatu hemen.