Gaurkoan Josuk prometeismoaren inguruko saio honen bosgarren alea ekarri digu. Aurretik neoliberalismoa, azelerazionismoa eta ziberkomunismoa aztertu ondoren. Oraingoan ziberanarkismoa aipatuko dugu. Europan anarkismoa sozialismoarekin batera sortu zen, etengabeko eztabaidan, baina beti ere ezkerrean kokatuta eta kolektibismoaren alde eta jabetza pribatuaren kontrako bidean, Proudhon-engandik hasita. AEBetan, ordea, azken urteotan sortu da beste ildo bat, bere buruari libertarianismoa deitzen diona, estatuaren inolako eskuhartzerik onartzen ez duena, jabego pribatuaren aldekoa erabat, indibidualista, zergen aurkakoa eta armazalea dena. Teknologiarekiko miresmenarekin elkarturik, ekonomia espekulatiboa elikatu duen fenomenoa ekarri du, jende xehea are gehiago pobretu duena. Bitcoinen sorrera erabat sistemaren aurkakoa izan zen, ikuspegi anarkista batekin, baina denborarekin espekulatzaileentzako eremu paregabea bihurtu da, estatuaren inolako legitimaziorik behar ez duen moduan inolako kontrolik edo bermerik eskaintzen ez duelako. Ekologiaren gaiak kezka kolektiboa eskatzen duen heinean, eta pentsamolde hau egoista eta indibidualista denez, logikoki, ildo honek ez du kezkarik eta ez du planteatzen klima aldaketari aurre egiteko estrategia kolektiborik.
Deskargatu hemen.