Gaurkoan ekoantsietatea ekarri du hizpidera Iñakik, izan ere, bere ikasle batek, krisi ekosozialaren inguruan ikasi ahala ekoantsietatea sortu zaiola aitortu ondoren, kontzeptu horren inguruan bilatzeari ekin zion. Ekoantsietatea zer den non eta Iberdrolaren webgunean aurkitu zuen. Aholku zozoak ematen ditu multinazional berdeak (iruditeriaren koloreagatik diogu), bere greenwashing jarreraren enegarren adibidea emanez, klima aldaketaren kezka badugu, jarraitu beharreko aholkuak, hobeto senti gaitezen. Izan ere, klima aldaketan eta kutsaduran duen erantzukizunaz eta rolaz jardun baino, nahiago du gaia norbanakoen ardurara eta psikologiara eraman. Hala ere, egia da badagoela sentsazio hori, gero eta gizaki gehiagorengan, hondamendiaren ertzean bizi garelako kontzientzia hartu ahala. Badira gai hori jorratu duten egile interesgarri asko, Joanna Macy eta Chris Johnstone, Esperanza activa liburuarekin, Belen Gopegi… Emilio Santiagok dio ekologismoak ilusioa piztu behar duela. Australiatik Glenn Albrecht-ek solastalgia aurkezten digu Lurraren emozioak liburuan, antsietate hori izendatzeko. Silvia Federicik ere, Mundua berriz liluratuz liburuan kapitalismoaren arrazoibideei buelta eman beharraz dihardu. Azkenik, Ecologistas en Accion taldeak, gure planetaren egoerak antsietatea eragiten dionarentzat argitaratutako aholku sorta ekarri digu Iñakik.
Deskargatu hemen.