Goizeko saioaren ondoren, arratsaldean ere, hedabideen inguruan hausnartzen jarraitu dugu, Kafe Solasak ekimenean, Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleekin. Arratsaldeko saioa Kafe Antzokiaren goiko solairuan egin dugu, Kutxa Beltza deritzon gunean. Hasteko, Sandra eta Asier batu zaizkigu irratira, telebista, Twitter eta Facebook darabiltza informatzeko, nahiz eta sare sozialetan desinformazioa gailentzen dela azpimarratu duten. Sandrak dioenez, albiste batek bertsio ezberdinak ditu hedabidearen arabera. “Oso alferra naiz”, dio, “beraz, telebista ikusten dut bakarrik”. Hala ere, albisteak gaur egun “oso tristeak” direnez, filmak baino ez ditu ikusten berak. Paperezko egunkaririk erosten duten galdetuta, “txikitan, aitonarekin” erosten zituela erantzun du Asierrek. Gaur egun ez, eta Marca baino ez du irakurtzen, sakelakoan. Euskadi Gaztea entzuten du Sandrak, baina irakasleak esan dionez, ez da oso ona euskara praktikatzeko. Politika gaiak entzuteaz “kokoteraino” dagoela esan digu Asierrek, horregatik jarraitzen du kirola.
Mikelek bi aste daramatza euskaltegian. Hedabideak boterearen mesedetan ari direla dio. Batzuetan gordinkeria edo morboa bultzatzen dutela uste du. Hedabide digitalak arinenak direla uste du, irratiaz gain, agerkari digitaletan berehala informazioa eguneratu eta aldatzeko aukera dagoelako. Irratia gutxitan entzuten duela aitortu digu, azken albisteak sakelakoaren bidez jarraitzen baititu. Aliciak sare sozialak erabiltzen ditu informazioa jasotzeko, paperezko egunkariak desagertuko direla uste du eta Radio 3 entzuten du, baita Radio Gladys Palmera, latinoamerikar musika gustuko duelako. Ondo informatuta ez gaudela uste du, hedabideak bosgarren boterea direla uste du eta konfiantzarik ez du haiengan. Lanegunetan desinformatuta bizi dela aitortzen du. Telebistarik ez du, eta bere inguruan ia inork ez duela diosku. Internet bidez bakarrik ikusten ditu bideoak.
Deskargatu hemen.