CAF-Elhuyar saria jaso du Xabier Monasteriok, ZIENTZIALARI saioan egindako lanagatik

Zorioneko gaude Bilbo Hiria irratian, izan ere, zientzia kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2016an euskaraz sortu eta argitaratutako lan bat saritu behar zuten CAF-Elhuyar sarietan, eta gure irratiko Xabier Monasterio irrati esataria izan zen saritua, ZIENTZIALARI irrati saioaren baitako, Minbizia eta beronen metastasia izeneko piezarengatik. Sari banaketa ekitaldia iragan ostiralean egin zuten, Donostiako Tabakalera Kutxa Kultur Plazan, eta bertan, Monasterioz beste, hainbat zientzialari izan ziren sarituak, gehienak ikerlariak, euren ikerketen dibulgazio lanengatik.

Hain zuzen ere, zientzialaria baino, filologoa izanik, harrituta eta pozik agertu zen Xabier Monasterio, saria jasotzean egin zituen berbetan: “Letretakoa naiz bai, gazte denboran zientzietako irakasgaiak doi-doi gainditzen nituena eta, horrenbestez, zientzia bera larregi balioesten ez nuena. Seguru asko, horren erruaren zati handi bat nirea da, dudarik ez da, baina beste zati bat, egokitu zitzaizkidan irakasle axolagabeena. Nolanahi den ere, paradoxa ere bada zientziaren dibulgazioaren arloko sari bat nori eta niri eman izana”. CAF-Elhuyar sarien epaimahaiari eskerrak emateaz batera, beraren izenean baldin bazetorren ere, saria “erabat kolektiboa” zela adierazi zuen Monasteriok. Zientzialari saioa hiru euskarriren gainean sostengatzen dela azaldu zuen ondoren eta, hurrenez hurren, EHUko Kultura Zientifikoko Katedra, zientzialariak eurak eta Bilbo Hiria irratiko lankideak ekarri zituen gogora ZIENTZIALARI saioaren aurkezleak.

Lehenengoen artean Juan Ignacio Perez Iglesias katedradunari eta Uxune Martinez teknikaria aipatu zituen Monasteriok: “Gurekiko lan bikaina egin dute, aldian-aldian gai jakingarriak proposatuz eta astean-astean gonbidatu egokienak bilatuz. Katedraren arduradunen jakituria eta bitartekaritzarik ezean, nekez jakin genezakeen guk norengana jo kasu bakoitzean eta, ondorioz, emaitza ez zen, inondik ere, hain goi mailakoa izango”.

Ikerlariak aipatu zituen ondoren Monasteriok, “beren ikerketak euskaraz eginez, gure hizkuntzari eremu berriak zabaltzen dizkioten euskaldun arduratsu horiek”. Horien artean saritutako saioan mintzakide izan zuen Iker Badiola zientzialaria nabarmendu zuen: “Gai sakon eta irristakorra erabili zuen Ikerrek egun hartan: Minbizia eta beronen metastasia. Ordura arte ez genuen Iker ezagutzen eta ez genekien, gaztea izanagatik ere, nolako ibilbide oparoa egina duen honezkero, eta sumatu ere ez genuen egiten nolako zehaztasunez eta xehetasunez azalduko zituen halako gai zail eta konprometitua. Bere jardunean Iker Badiolak maisukiro egin zien muzin alarmismo, morbositate eta itxaropen faltsuei”.

Azkenik, Bilbo Hiria irratiko lankideak ekarri zituen gogora Monasteriok, bere 20. urteurrena betetzen ari den irratia baita ZIENTZIALARI saioa hedatzeaz arduratzen dena. “Lantalde polita bildu dugu eta horien artetik hemen dauzkagu bi lagun: Ibon Burgoa, audio editaje lanak egiten dituena, gure hutsune eta huts guztiak itxuratze, eta Jabi Zabala, dena txukundu, atondu eta webgunean zein sare sozialetan zabalduz gure bigarren bizitza ematen dio gure saioari”, adierazi zuen sarituak.

Herri txikia izanagatik ere gurean zientziak leku duina izan behar duela nabarmenduta, dibulgazioa egiten jarraitzeko deia egin zuen Monasteriok: “Gu, bitartean, Leonardo Da Vinciren ‘ulertzen dena da beti zientziarik erabilgarriena’ aipua gauzatzen saiatuko gara”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

IBAIZABAL: Gaur beste greba bat hezkuntza publikoan

ar. Mai 16 , 2017
Martxoko greba egunean ohartarazi zuten sindikatuek, Eusko Jaularitza murrizketen politika alboratu eta negoziatzera eseri ezean mobilizazio gehiago etorriko zirela. Sindikatuak grebara doaz gaur eta datorren astean. Maiatzaren 16 eta 23an berriro ere grebara deitzen dute unibertsitatez kanpoko hezkuntza publiko irakasle, Heziketa Bereziko langile, sukaldari eta garbitzaileak eta Haurreskolak partzuergoko hezitzaile […]

Honekin lotuak