Osasuna eta Hizkuntza jardunaldia EHUn: 2. eguneko elkarrizketak

Arreta zirkuito elebidunen eragina neurtu du Bidane Petralandak. Euskaraz egiteko gai diren profesionalak identifikatzea eta euskaldunak horiengana bideratzen dituzte zirkuitu elebidun horiek.

Naiara Ozamiz eta Leire Erkoreka hurbildu zaizkigu, komunikazioak aurkeztu berri dituzte #OsasunaHizkuntza jardunaldian, osasun mentala eta hizkuntzaren arteko loturaz. Iaz aurkeztutakoaren garapena egin du Erkorekak, bere esanetan hizkuntzak psikiatria arloan besteetan baino are garrantzi handiagoa hartzen du, gaixoak bere egoera azaltzeko orduan “erosotasun linguistikoa” behar baitu. Aurten galdetegien euskaratze prozesua egiten ari dira. Naiara Ozamizek azaldu duenez, Basurtuko psikiatria taldearekin batera, haurrentzako tresna batzuk euskaratzen ari dira, ama hizkuntzan egotea garrantzitsua delako. Galdetegiok 74 hizkuntza baino gehiagotara itzulita daude dagoeneko.

Aitor Montes medikua Nazioarteko elkarlanerako aukera eta estandarrak etorkizuneko planei begira jarri da. Diglosia egoerak dituzten nazioarteko beste egoera batzuk ikertu ditu Aitor Montesek. Beste herrietan profesional elebidunik ez dutela ikusi du: “garuna dute, baina besorik ez. Guk bai, eta nazioartean erreferente izan beharko genuke”. Estandar klinikoak eta historia klinikoa euskaraz egotea ezinbestekotzat jotzen ditu.

Jon Irizar izan dugu gurekin ondoren. Bera Mutualiatik dator, lan istripuen eta langileen gaixoaldien kasuetan osasun zerbitzuak eman eta prestazioak kudeatzen dituen enpresa. Euskara dinamizatzaile dabil bera, Mutualiaren euskara plana garatzen, eta jardunaldian ikus daitezkeen 11 poster zientifikoetako bat ekarri du berak, Mutualiak Beasainen egindako “Hitz egin” esperientzia azaltzen duena.

Azkenik, Joseba Ezeiza eta Itziar San Martin izan ditugu, EHUko irakasle ikertzaileak dira biak eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanordea dugu San Martin. Hizkuntza-gaitasun aurreratuak garatuz euskarazko irakaskuntzaren bikaintasuna sustatzeko “Aitzinatu” programa aurkeztu dute. Euskaraz medikuntza ikasketak oraindik ezin dira guztiz euskaraz egin baina norabide horretan egindakoak eta egitekoak direnak azaldu dituzte. Medikuntza graduan estatu osoko matrikulazio eremu bakarra egonik, erdaldun ikasle asko badira, baina arazo handiagoa da Itziarren esanetan euskaldunak izanik erdaraz diharduten euskaldunen jarduna. Naturaltasun osoz euskaraz dihardutenen kopurua ere gorantz doala nabarmendu du Josebak, eta Itziarrek zehaztu du fakultate batetik bestera egoera ezberdinak direla. San Martinek gehitu du arlo profesionala erdalduna dela eta ondorioz etena sumatzen da hezkuntza sistematik irtendakoan.

Saioa bukatzeko Adrian Zelaia batu zaigu. BAME Barne Mediku Egoiliarra da eta euskarazko formakuntza jasotzeko ikusten dituzten traba eta arazoak aztertu ditu.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

Bilboko harrera sareak migranteentzako baliabide gehiago behar direla berretsi du

al. Ira 17 , 2018
Ekainetik errepikatu den egoera bat gurean betirako geratuko delakoan gaude, migratzaileei harrera egiten herritar antolatuak. Ekaina amaieratik, pateran heldutako ehunaka afrikar Bilbora lekualdatuak izan dira. Euskal instituzioek eskura jarritako harrera baliabideen eskasiaren aurrean, Bilboko auzo ezberdinetako bizilagunak Bilboko Harrera auzoekin taldekatuta, eta afrikar komunitatearen, OEEren, SOS Racismoren eta banako solidarioen […]

Honekin lotuak