Ekonomia eredu jasangaitzetik ibilbidea, kolapsoaren gaztigu #Erreportajea

Klima larrialditik harago, kolapsoa izenburupean, gure gizarteak bizi duen krisi sistemikoaren eta haren aurrean dauden alternatiben berri emateko, Bizkaian barrena ibilbidea egin dugu Ekologistak Martxan eta Gune Ekosozialista taldeek gonbidatuta. Toki esanguratsuetan geldialdiak eginez, toki bakoitzari lotutako gaiak jorratu dituzte, egungo sistemak dituen mugak eta ezintasunak azaltzeko. gaiak Energia, Mugikortasuna, Ura, elikadura sistema industrializatua, haren alternatibak, hondakinen kudeaketa eta zaintza izan dira, eta geldialdiak Santurtziko superportuan, Arrigorriagako ur partzuergoaren araztegian, Laboren eta Bilboko atzerrritarrentzako bulego parean egin ditugu.

Deskargatu hemen.

 

Bilboko porturako bidean, Ecologistas en Accion-eko Adrian Almazanek, berak parte hartu duen “Mugen amildegian oinez ibiltzea” txostenaren inguruko jakingarri batzuk eman dizkigu. Txostena euskaratuta eta Ekologistak Martxanen webgunean eskuragarri dago.

Santurtzin Iñaki Barcenak, superportuaren adibidea hartuta, etengabeko hazkundean oinarritutako ereduaren porrota azaldu digu.

Arrigorriagarako bidea hartu dugu ondoren, Supersur sahiesbidean sartuta, eta, bidean, trafikorik apenas ez duen eta batzuek superzor esaten dioten bide horretan gindoazela, David Hoyosek garraioaren gaia izan du hizpide, azpiegitura handien eredu suntsitzaile eta garesti horren atzean ekosistema eta ekonomiarentzako kalteak ugari baina gizartearentzako onurarik ez dagoela azaldu digu.

Arrigorriagako Beteluriko planta edateko uraren araztegi nagusia da Bizkaian. Zadorra sistemako urtegietatik datozen urak arazten ditu. Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak bere baitan dituen udalerriei (milioi bat biztanle) hornitzen dien uraren %90 biltzen da bertan. Partzuergoaren sistema osoaren azalpen kritikoa eman digu bertan Joserra Diezek, EHUko irakasleak.

Mercabilbaora jo dugu ondoren eta, bertan, kapitalismoak bultzatutako elikadura sistema industrial basatia deskribatu digu EHNE sindikatuko kide den Amets Ladislao baserritarrak. Bestelako eredu bat posible eta beharrezko dela esan digu Ametsek, kolapsora garamatzan eredu globalizatuaren erabat kontrakoa.

Santutxuko LABOREra jo dugu ondoren eta, bertan, ekimena aurkeztu digu bertako kide den David Lopategik.

LABOREn ere, Gorka Buenok Bizkaian dagoen hondakinen kudeaketa ereduaren ajeak eta gabeziak azaldu zizkigun. Bilketa selektiboak oraindik ez ditu zaborren %45 baino biltzen, eta Europak lau urte barrurako ezarritako %55eko helburura iristeko arazoak izango ditu. Buenok azaldu duenez, Zabalgarbi baimenduta eta diruz lagunduta dago zaborra erretzearekin batera argindarra sortzeko, hori da bere eginkizuna teorian, baina Buenok salatu duenez, publikoak diren datuak irakurrita ikus daiteke Zabalgarbik ez duela energiarik sortu azken hilabeteotan. Hori horrela izanik Zabalgarbi iruzurra egiten ez ote den ari galdetu diogu.

Laboren bertan salgai dauden ekoizpen hurbil, bidezko eta ekologikoko kalitatezko janari aukera bikainaz gozatu dugu hamaiketako itzel gozoa dastatuz.

Amaitzeko, Txefi Roco argentinarrak zaintzaren gaia jorratu digu, feminizatua eta prekarizatua eta nagusiki etorkinez osatua dagoen sektore honetan une honetan aldarrikapena gutxieneko duintasuna dela azaldu digu, Kale Nagusian, atzerritarren bulegoaren aurrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

'Musikak salbatuko gaitu' diskoa aurkeztu du Gatibuk

al. Aza 30 , 2020
Talde bizkaitarrak abenduaren 4ean kaleratuko den bederatzigarren diskoa aurkeztu du Bilboko Bira Kultur Gunean. ‘Musikak salbatuko gaitu’ izeneko diskoaren bidez, musikaren garrantzia aldarrikatu dute Alex Sardui, Gaizka Salazar, Mikel Caballero eta Haimar Arejita Gatibuko kideek. Azken honek adierazi duenez, sektore estrategikoa da musika eta gizarteari asko lagundu dio bizitzen ari […]

Honekin lotuak