“25 urte 25 ikuspegi” saio berezia entzungai

Bilbo Hiria irratiaren 25. urteurrena ospatzeko zuzeneko emanaldi berezia egin genuen Azkuna Zentroan 17:00etatik 19:00etara. 25 urte 25 ikuspegi izan genituen aztergai: hizkuntza, hirigintza, kultura, biztanleria, gazteak, auzoak… Lehenengo irratiaren urteurrenera begira jarri ginen, izan ere, 25 urte bete dira 1997an Zenbat Gara elkarteak Bilbo Hiria irratia martxan jarri zuenetik, 25 urte Bilbo erdigunetik euskaraz informazioa zabaltzen. Irratiaren ibilbidearen errepasoa belaunaldi gazteenek egin zuten Jon Castañedak eta Amaia Arostegik, aldamenean Xabier Monasterio eta Jabi Zabala izan dituzte.

25 urteotan euskarak gure hirian izan duen bilakaera eta egin beharreko hizkuntza politikak izan zituzten mintzagai Iker Martinez de Lagos eta Isabel Isazelaiak.

Bilbok izandako eraldaketak aztertzen gabiltza, atzera begira eta aurrera ibili ginen, ertz ugari aztertzen. Hiri handia dugu Bilbo eta, askotan, erdiguneari bakarrik begiratzen diote bisitariek, baina bertokoa badakigu Bilbo auzoek osatzen dutela era. Bilboko auzo elkarteen federazioan hainbat elkartek osatzen dute, Atxurri gorri elkartetik hasita Zorrotzara. Batzuk ibilbide luzekoak eta beste batzuk gazteagoak baina denak helburu komunarekin hiritarrentzako izango den hiriaren alde lan egitea.

Saioan zehar  hainbat ahots batu ditugu, gure hiriaren eraldaketa aztertuz herritarrak nola bizi garen aztertzeko. Gazteak etorkizuna direla esan ohi da, baina nolakoa da gazteen errealitatea? Bizitza proiektuak garatzeko aukerak eta baliabideak dituzte? Galdera hauen eta beste askoren inguruan berba egin dugu Unai eta Uxuerekin.

Bilbo Bizkaiko hiriburua eta Euskal Herriko hiririk jendetsuena da. 2021. urtean 346.405 biztanle zituen, askoz gehiago Bilbo Metropolitarra edo Bilboaldea deritzona kontuan hartzen badugu. Azken urteotan biztanleria behera doa, oraindik 1970eko krisialdiaren eraginagatik eta etxebizitzen prezioak garestitzeagatik. 1980 inguruan biztanleriak mailarik gorena jo zuen, 430.000 biztanle inguru. Hala ere, oraindik ere Euskal Herriko hiririk handiena izaten jarraitzen du. Hala ere, berriki emandako datuen arabera, jaiotza tasa behera ari da, etengabe. Bilakaera hori aztertu dugu Xabier Aierdi soziologoarekin.

Urriaren 18an 25 urte beteko ditu Bilboko Guggenheimek. Frank Gheryren eraikin metaliko ikonikoa polemika giroan sortu zen, baina denboraren poderioz, hiriaren iruditeriarekin bat egin duela dirudi, turismoarentzat erakargarri bihurtuta. XX. mendearen amaieran, birmoldaketa industrialaren eraginez, Bilbok erabateko aldaketa egin behar izan zuen bere ekonomian. Ziurgabetasun ekonomikoko urte batzuen ostean, hiriak bere dinamismoa berreskuratu eta zerbitzuen hiri bihurtu zen, baina nolako eragina izan du hiriaren bizitza kulturalean? Azken 25 urteotan kultura arloan izandako aldaketa aztertu dugu, argi dago titaniozko erraldoiaz harago. Duela 25 urte kultur eredu konkretu batean egindako inbertsioak izan ziren azpiegitura handi hauenak. Hori guztia aztertu dugu Haizea Barcenilla EHUko irakaslearekin eta Fermin Etxegoien idazle eta kazetariarekin.

Denetariko ahotsak batu ditugu gaurko saioan, baita herritar xumeenak ere. Itziar Etxebarriak 76 urte ditu, Zamudion jaioa, 8 urte zituela etorri zen Bilbora eta botxoa nola aldatu den kontatu digu bere esperientziatik.

1997an nolakoa zen Bilbo? Guggenheim museoa zabaltzear dago, Euskalduna jauregia forma hartzen ari da eta bi urte lehenago Bilboko Metroa inauguratu zen. Bilboko kolore grisa galtzen zihoan, eta azpiegitura handiak azaltzen ari ziren. Gaur egun ezagutzen dugun Bilbo azalarazten zihoan. Hiriaren birmoldaketa horri buruz eta baita erdigunearen eta auzoen arteko harremanez hitz egiteko Karlos Renedo Otxarkoagar arkitektoa izan da.

Saio osoa hemen entzungai:

Deskargatu hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Next Post

ZINEA: “Intimidad” telesailaren inguruan solasean

az. Eka 15 , 2022
Ekainaren 10ean estreinatu zen Netflix plataforman “Intimidad” telesaila izan dugu hizpide Urtzi Urkizu Berriako kazetariarekin. Txintxua Films ekoiztetxe euskaldunaren eta Netflixen arteko elkarlana izan da. Itziar Ituño  da telesaileko protagonista, Bilbon grabatu eta Bilbon gertatzen da. Emakumezko politikari batek maitalearekin dituen sexu harremanen bideo bat prentsara zabalduko da, eta hori […]

Honekin lotuak